2008/06/17

Idatzirik aurkitutakoak (1)

En 1986, un diputado mexicano visitó la cárcel de Cerro Hueco, en Chiapas. Allí encontró a un indio tzotzil, que había degollado a su padre y había sido condenado a treinta años de prisión. Pero el diputado descubrió que el difunto padre llevaba tortillas y frijoles, cada mediodía, a su hijo encarcelado.

Aquel preso tzotzil había sido interrogado y juzgado en lengua castellana, que él entendía poco o nada, y con ayuda de una buena paliza había confesado ser el autor de una cosa llamada parricidio.

Eduardo Galeano. Patas Arriba.

2008/06/16

Hizkuntza eta generoa

Aurreko batean egiazkotasunaren eta anonimatuaren ideologiei buruz idatzi nuen, Woolard antropologoaren lan bat oinarritzat hartuta. Idazle beraren bigarren artikulu bat irakurri dut eta hau ere deigarria egin zait.


Katalunian orain dela hainbat urte egindako azterketa baten haritik aritu da Woolard. Horren arabera hizkuntza baten legitimizazioa egiazkotasunaren ideologian oinarritzen denean jokabide linguistikoek oinarri etniko eta identitarioak dituzte. Hor ez dago, beraz, zalantzarik... gainontzeko oinarriak edo elementuak bigarren maila batean geratzen dira. Hizkuntza markatzaile etnikoaren karga galdu eta hizkuntza publiko eta hiritar bihurtzen den neurrian, bestelako ezaugarriak agertzen dira, erabileran eragina dutenak. Generoa da horietako bat Woolard-en ustez.

Gure artean ere aztertu izan da hizkuntzaren erabilera generoaren arabera. Kike Amonarrizek artikulu bat idatzi zuen 1993an. Garai hartan Siadecok egindako azterketen datuek azaltzen zutenaren arabera gazteen artean, emakumezkoek gizkonezkoek baino euskara gehiago egiten zuten. Kikek hiru hipotesi formulatu zuen horretarako:

  1. Hizkuntzaren trasmisioa emakumeari lotua dago. Gaztelania trasmititzea inportantea zenean, emakumeek gaztelaniarekiko leialtasuna erakusten zuten. Euskara prestigioa hartu ahala, euskara trasmititzea inportantea denean, emakumeek euskararekiko leialtasuna erakusten dute.
  2. Perpektiba profesionalei lotuta, emakumeek bete ohi duten lanbideetan euskararen eskaera eta erabilera altuagoa baita (irakaskuntza, erizaintza,...)
  3. Gelaz kanpoko jarduera-esparruen eragina, mutilek kirol-ekintzak aukeratzen baitituzte eta neskek bestelako jarduera "euskaldunagoak"

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Kale Erabileraren Neurketan ere gaia hizpide izan da behin baino gehiagotan, Kike Amonarrizek aurreratzen zuen feminizazioa neurketa guztietan konfirmatu baita. Prestigioaren teoria da arrazoiak bilatzeko gehien erabili dena: antza denez, emakumezkoan hizkuntza jokaerak lotuagoak daudehizkuntzaren prestigioari , gizonezkoenak baino. Edozein kasutan ere, irakurketa guztietan gaia sakondu beharra aldarrikatu dute.

Woolard-ek gaia antropologiaren ikuspegitik aztertu du eta bere azalpena eman. Ikerketan hainbat gaztetxori lagun onenen izenak eskatu zizkien (hiru onenak) eta emaitzak aztertu. Ezberdintasun esanguratsuak zeuden mutilek eta neskek egiten zituzten hautaketen artean:

  • Neskek lagun kopuru txikiagoa ematen zuten. Mutilen artean ez zegoen arazorik 3 edo izen gehiago emateko; nesken artean, ordea, herenek edo 3 lagun baino gutxiago izendatu zituzten.
  • Nesken artean erreziprozitate handiagoa antzeman zen: A-k B hautatzen badu, B-k ere A hautatzen du gehienetan.
Beraz, nesken lagunarteak txikiagoak izan ohi dira, estuagoak eta exklusiboagoak. Mutilen lagunarteak zabalagoak izaten dira, anitzagoak... Nesken lagunarteetan elkartasunak, berdintasunak eta homegeneitateak pisu handiagoa hartzen dute, muga sozialak ere markatuagoak izaten dituzte. Hizkuntza gutxituak hor leku erosoagoa aurkitu ahal du.

2008/06/13

Sapir-Whorf

Sagrario Aleman euskaltzain berriaren Berdetik horira sarrera-hitzaldia eskuratu dut erabili.com-etik. Azken urte hauetan euskaltegietan ibili diren ikasleei etengabeko keinuak egiten dizkiela iruditu zait: ondo merezitako keinuak, bide batez esanda. Tartean honako aipamen hau egiten du:

Altxorraren bila jostaketan aritzeko askoz ere errazagoa delakoz euskararen ordena zuzena, erdararen aldrebesa baino. Hurrengo pista, beheitiko pisuko sukaldeko ezkerreko armairuko eskuinaldeko bigarren kutxan dago. Eta erdaraz hor hasiko zara, en el segundo cajon del armario... Hara, erdaraz hori irakurri orduko, euskarazkoa irakurri duen ikaslea lehenengo pisuan da.

Bitxia egin zait aipamena. Asisko Urmenetari ere antzeko zerbait entzun nion orain dela gutxi. Euskarak eta gaztelaniak ezberdintasun askotxo dute elkarren artean, ezberdintasun horiek dira -hain zuzen- euskaltegietako ikasleei horrenbeste buruhauste ematen dietenak (erlatiboa, ergatiboa, nori-nori-nork,...). Erlatiboaren erabileran dauden ezberdintasunak ikusentzunezko hizkuntzara eramanez gero, oso metafora biziak sor daitezke: planoak, kolpeak, planoen aldaketa azkarrak, travellingak,... Gaztelaniak lehen plano erakusten dizu ezer baino lehen... hortik abiatuta kamara (edo zooma) urrunduz doa, gero eta plano zabalagoak erakutsiz: plano ertaina, plano amerikarra, plano orokorra, plano orokor nagusia,... Euskarak kontrara egiten du: plano orokor nagusia erakusten du lehen-lehenik, gero hurbildu,..., plano orokorra erakutsi, berriro ere hurbildu..., plano ertaina, hurbild,..., plano amerikarra, hurbildu..., lehen planoa...
Sapir eta Whorf antropologoek Sapir-Whorf izena daraman hipotesi ezaguna formulatu zuten 1940ko hamarkadan. Hipotesi horren arabera, bada harremanik hizkuntzaren kategoria gramatikalen eta hiztunen mundu-ikuskeraren artean.
Hipotesiak bi bertsio ditu: gogorra eta biguna. Bertsio bigunak erabateko determinismo linguistikoa baztertzen du baina hala ere hizkuntzak errealitatea kontzeptualizatzeko eta memorizatzeko moduan eragina duela aldarrikatzen du. Hipotesi hori ikusita eta erlatibozko esaldiak eraikitzeko moduak horren ezberdinak direnez,... baliteke euskaldunok hasiera-hasieratik osotasunaren ikuspegi hobea eta gertaerak bere kontestuan ikusteko gaitasun handiagoa izatea... Egia balitz... polita litzateke, ezta?

2008/06/08

Ideologia linguistikoei buruz

Gaztelaniaren munduan ahots kritiko batzuk entzun dira. Bi titulu esanguratsu argitaratu da denbora gutxian. Lehena Jose del Valle-k argitaratu zuen duela hilabete batzuk: La lengua, ¿patria común?. Bigarrena Jose Moreno Cabrera-k argitaratu berri du: El nacionalismo lingüístico, una ideologia destructiva. Biak kritikoak dira gaztelaniaren hizkuntza politikarekin.

Jose del Valle-ren liburua artikulu bilduma da. Tartean Kathryn A Woolard antropologoaren lan argigarri bat irakurtzeko aukera dago: La autoridad lingüística del español y las ideologías de la autenticidad y el anonimato.

Esan bezala, hizkuntzaren ideologiari buruzko testua da. Ideologia modu zabal batean ulertzeko apustua egiten dute liburuan. Ideologia kontzeptua bi kategoriatan sailkatu daitekeela azaltzen dute:
  • lehena "ismo"-ekin du zerikusia: sozialismoa, liberalismoa, progresismoa,... errepresentazio sinboliko multzo baten lokalizazio esplizitua da.

  • bigarrena zabalagoa da, ideologia sistema kognitibo gisa ezaugarritzen da, esperientzia interpretatzeko modu bat arautu eta naturalizatu egiten duen sistema kognitiboa, alegia.
Bi kategoria horien arteko erdibidean kokatzen da liburua.

Ideologia linguistikoak ezartzen ditu hizkuntza edo jokabide linguistiko bati atribuitzen zaion balioa edo legetimitatea. Woolard -ek azaltzen duenez, mendebaldeko kulturan, hizkuntza baten autoritatea, bi ideologia linguistikoren gainean eraiki daiteke: egiazkotasuna eta anonimatua. Egiazkotasuna komunitate edo identitate baten adierazpide jator eta esentziala da: egiazkotasunaren diskurtsoa norberaren identitatea aldarrikatzeari dagokio; hizkuntza markatzaile etnikoa da. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza txikien biziraupenerako estrategiak ideologia honetan oinarritzen dira.

Hizkuntza hegemonikoek, ordea, autoritatea anonimatuan oinarritzeko joera omen dute: anonimatuaren ideologiaren arabera, hizkuntza baloratzen da inongoa ez delako, unibertsala delako,... Euskalgintzan erabili ditugun leloak etorri zaizkit burura: euskara da euskaldun egiten gaituena; euskara denona,... Eslogan-bilduma horren gainean euskararen ideologia linguistikoaren azterketa egiteko adina material dago. Interesgarria litzateke.