2012/04/23

Errebindikazio ondo mugatuak

Mario Zubiagak euskalgintzaren estrategiaz esandakoa orain dela hilabete pare bat ekarri nuen blog honetara. Gerora, honako perlatxo hau irakurri dut, Slavoj Zizek-en artikulu batean:
Subertsiboa da eskakizun infinituetan EZ tematzea.
Agintariek ezin dituzte eskakizun infinitu horiek ase. Guk badakigu, eta haiek badakite guk dakigula. Hortaz, erraza dute irtenbidea. Ez die aparteko arazorik sortzen. Honela esango digute: "Zoragarria da zuen jarrera kritiko hori... Balio handia du. Nolako mundua nahi genukeen gogorarazteko balio digu. Tamalez, mundu errealean bizi gara. Nahi genukeena eta daitekeena ez datoz bat. Daitekeenarekin konformatzea beste erremediorik ez dugu"
Aitzitik, errebindikazioak ondo hautatzea komeni da. Eskakizun zehatzak, mugatuak eta finituak egin behar ditugu; eta agintariak horiekin bonbardatu. Ezin izango dituzte horren erraz baztertu. Ez dute horretarako aitzakiarik izango.
Testuingurutik aterata dago, baina zer pentsatua ematen du. Niri hala iruditzen zait behinik behin.

Slajov Zizek pertsonaje interesgarria da. Soziologo eta filosofoa. Probokatzaile eta polemikoa. Bere testu batzuk euskaraz irakur daitezke:

Goiko aipamena artikulu honetatik atera dut, eta nola edo hala euskaratu. Esan bezala, aipamen esanguratsua iruditu zait, nahiz eta testuingurutik kanpo atera.

No comments: