2012/04/17

Urrats txikien estrategia

Euskaraz bizi nahi dut


Gustatu zait Musika airean bideoa. Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut lelopean antolatu duen film laburren leihaketa irabazi du.

Ahalegin, urrats eta keinu txikien garrantzia aldarrikatzen duela iruditzen zait. 


Musika airean (lehen saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


Nahi izatea ez da nahikoa.


HABEk gurasoentzat argitaratu zuen Etxean zer ikusi, hura ikasi liburuxkak aldaketa planifikatu beharra aldarrikatzen du, eta helburu txikiak hautatzea gomendatzen du:
  • Pentsatu zehatz-mehatz zer egin dezakezun hiru bat astez, euskaraz gehiagotan edota hobeto egiteko (bakarka, bikotekidearekin, lagunen batekin…).  
  • Kontuan izan helburua egiteko modukoa izan behar duela hasieran, egiteko erraza, lan handia ere eskatuko ez dizu(e)na.
  • Zehaztu bat, bi, hiru helburu… nahi dituzunak. Taula batean idatzi: (a) aldatu nahi duzun egoera, (b) lortu nahi duzun egoera, (c) zer eta nola egingo duzun.
  • Azkenik, hiru astez dena delakoa egiten ahalegindu eta gero, erabili agenda azaltzeko ea lortu duzun ezarritako helburua, zer gertatu zaizun, zein bizipen eta sentimendu eduki dituzun, hurrengoan zer egingo duzun...


Urrats txikiak eman.


Paul Watzlawick-ek ere urrats txikien estrategia defendatzen du. Bere ustez, akatsa da pentsatzea arazo konplexuei, halabeharrez, tamaina bereko estrategia konplexuekin erantzun behar zaiela. Urrats txiki batek arazo katramilatua desblokeatu dezake, baldin eta arazoari buruz dugun pertzepzioa aldatzea lortzen badu.

Watzlawick psikologoa da. Aldaketaren psikologia du hizpidea. Gaia interesatzen baldin bazaizue, Cambio. FormaciĆ³n y soluciĆ³n de los problemas humanos liburua irakurtzea gomendatzen dizuet: irakurterraza da, atsegina... baita sakona ere. Egileek terapia estrategikoaren perspektiba lantzen dute: liburu honen erreferentzia ugari jaso izan ditugu TELP ikastaroetan.

Watzlawick-ek helburu utopikoei ihes egitea gomendatzen du: "utopiaren sindromeaz" hitz egiten du. Porrotaren aurrean, hiru jarrera "desegoki" deskribatzen ditu: a) autokulpa: "nirea da errua, ez dut ahalegin nahikorik egin..."; b) inhibizioa: "ez dago baldintza nahikorik, alferrik da saiatzea, gauza asko aldatu behar dira lehenago..."; c) jarrera moralista: "ni bai, ni prest nago, besteak dira konpromisoak hartu behar dituztenak..."

No comments: