2012/06/18

Koherentzia biografiko txikiak


Modu laburrez azaldutako pentsaerak dira aforismoak: esaldi bat eta askoz gehiago ez. Gezien modukoak omen dira: motzak eta zorrotzak. Ez naiz oso zalea, baina, tarteka, ukitu egiten nauen horietako esaldi bat agertu, eta buruan grabatua geratzen zait denbora luzez.

Blasie Pascal XVII. mendeko fisolofoa, matematikaria eta fisikaria da. Besteak beste, honako esalditxo hau utzi zigun: "Pentsatzen duzunaren arabera jarduten ez baduzu, jarduten duzunaren arabera pentsatzen amaituko duzu"

Burura etorri zaidan lehen ideiak psikologia kognitiboarekin du zerikusirik: disonantzia kognitiboa. Pentsatzen duguna eta egiten duguna bat ez badatoz, nolabaiteko gatazka sortzen da gure buruan: hala-holako larridura. Gure jokabidea justifikatzen duen azalpen bat emateko beharra izango dugu, eta agian baita jarrera bera aldatzeko beharra ere. IƱaki Mtz de Lunak, orain dela urte batzuk, horri buruzko artikulu bat idatzi zuen JAKIN aldizkarian.

Bigarren ideia Joseba Azkarragaren "Euskal Harriak" liburutik hartutakoa da. Bizi dugun krisi sozioekologikoari erantzuna emateko, komunikatiteak aktibatu beharra aldarrikatzen du, baina baita norberaren konpromisoen garrantzia ere. Konpromiso horiei koherentzia biografiko txikiak deitu die. Kontzeptua izugarri gustatu zait, euskararen mundura ekartzeko modukoa da.

2012/06/11

Ekologiatik ekologismora

Hizkuntza-ekologiari buruzko laupabost testu eta aipamen irakurri ditut aste honetan. Denetan polit(iko)ena Lorea Agirrek Berria egunkarian argitaratu duena iruditu zait: Euskara ekologikoa.
Hizkuntza bakoitzak baditu bere balio eta kargak, bere kapital sinbolikoa. Euskara esan, eta zer datokizu burura. Zer esan eta zertarako da. Gaztelera esan, eta zer, frantsesa esan eta zer, ingelesa, eta zer.
Hor, hain zuzen, lotuta agertzen dira euskara eta ekologia.

Gogoan dut nola lagun batek ekologia eta ekologismoa bereiztea eskatzen zigun. Ekologia zientzia da, izakien eta inguruaren arteko harremana aztertzen duena. Ekologismoa ez, ekologismoa mugimendu soziopolitikoa da.

Ekologia esan, eta zer datorkit burura? Aktibismoa. Aktibismo konprometitua eta sortzailea: itsasoan bale-ehizari aurre eginez, demoniozko urtegi haren kontra, edo besterik gabe eguneroko lanean, nekazaritza edo kontsumo eredu alternatiboa eraiki nahian.

Nire buruan ekologismoak gaina hartu dio ekologiari.

Hizkuntza-ekologia esan, eta zer datorkizue burura? Hau da, hizkuntza-ekologia aldarrikatzen dugunean... (Lorearen hitzak maileguan hartuz) zein da hizkuntzari erantsi nahi diogun kapital sinbolikoa? Euskararen aldeko diskurtso amableagoa? Bai, hori beharrezkoa da, baina... hori besterik ez?

Ziur nago ekologiatik ekologismora egin dugun bide berbera egingo dugula hizkuntza-ekologiatik abiatuta.

2012/06/04

ahalmentzea, boteretzea

Gustatu zitzaidan Mari Luz Estebanek Udaltop jardunaldietan egin zuen hitzaldia:  "Feminismoa, euskaragintzarako gogoeta-tresna". Aberasgarriak iruditu zitzaizkidan garagoikoak egin zituen gogoetak. Elhuyarrek, 2009an, 30+10 mintegian aurkeztu zuten lana ere interesgarria da: Norena da euskara plana? Zenbait gako ahalmentzeaz

Hizkuntza normalizazioaz ari garela, kontzeptu garrantzitsua iruditzen zait ahalmentzea: funtsezkoa, zentrala... Azken batean, normalizazioa eraldaketa-prozesua dela esan dugu, ezta?

Aitortu behar dut nik ere arazoak eta zailtasunak ditudala terminologiarekin: ahalmentzea, ahalduntzea, jabekuntza, boteretzea...  Ahalmentzea erabili izan dut nik. Jabekuntza omen da gaur egun hedatuena. Boteretzea oso aukera polita da... baina zaila da ohiturak alde batera uztea.

Gehiegi landu gabe bada ere, ahalmentzeari buruzko hainbat ohar eta apunte ekarri ditut hona:
  • Ahalmentzeak boterearekin du zerikusirik. Botere-harremanak aldatzeko ahalmena sortzea da.
  • Prozesu bat da, eta bi alderdi ditu: (a) baliabideak eta bitartekoak eskuratzea (materialak zein sinbolikoak), eta (b) ideologien gaineko kontrola izatea (sinismenak, balioak eta jarrerak). Baliabideak eskuratzearekin batera, beraz, norberaren kontzientzia eta autopertzepzioa aldatzea da gakoa.
  • Horrela ulertuta, prozesu erradikala da. Kontzeptua feminismotik garapenerako lankidetzaren arlora iragan zenean, bertsio bigunagoa ere sortu zen: boteraren egiturak kolokan jartzeari uko, eta autonomoak eta autosufizienteak izateko gaitasun indibidualak lantzea.
  • Ahalmentzeak bi dimentsio ditu: pertsonala eta kolektiboa. 
  • Ahalmentzea soziala da (baliabide materialak eskuratu ahal izatea), politikoa (erabakiak hartzeko prozesuan parte hartu ahal izatea) eta psikologikoa (gaitasun eta ahalmen indibidualak)
  • Inork ezin du inor ahalmendu: ez administrazioak eta ez gizarte antolatuak. Norberak egin behar du. Katalizatzaileak izan gaitezke; edo oztopo bihurtu. Sortzen dugun testuinguruak ahalmentzea erraztu dezake, edo oztopatu.
  • Ahalmentzeari buruzko esperientziak aztertzen direnean, datu esanguratsu bat dago: talde-prozesuak erabili izan dira kasu guztietan, baita norberaren erantzukizuna landu nahi izan denean ere. 
  • Ikuspegi horretatik abiatuta, erakunde feministek eta berdintasunerako zerbitzuek hainbat urte daramatzate jabekuntzarako eskolak eta lantegiak antolatzen. 
Mari Luz Estebanek arrazoi du: badago zer hausnartu, eta badago zer ikasi.