2012/04/28

Hiretzat goli kherautzen dinat

Jon Mirande Parisen jaio zen. Guraso zuberotarrak zituen, eta Parisera joan zirenean apenas zekiten frantsesez. Mirandek, ordea, hogei urte zituenean hasi omen zuen euskara ikasten.

Wikipediaren arabera, Mirandek hogei bat hizkuntza omen zekizkien (askotxo iruditzen zaizkit). Bere literatuan hizkuntza horien arrastoak utzi zituen. "Orhoituz" liburuan, esate baterako, Kama-goli izeneko olerkia idatzi zuen. Honakoa:
Hiretzat goli kherautzen dinat
erromeetako gazin mindroa
ene muirako mandro londoa
mol loloena ene khertsiman.
Hire dui ankhai baro, koloek
pekhautzen nina kamatze-jakaz
phiria hautsiz erromenitzat
letu hindudan latziaz geroz 
Olerkia erromintxelaz idatzita dago, euskal ijitoen hizkeraz. Erromintxela kalderah dialektoaren eta euskararen bat egitetik sortu zela uste dute adituek. Morfologia eta gramatika euskararenak ditu. Aditzak ere bai. Lexikoa, ordea, erabat erromintxela da.

Kale dor Kayiko elkartearen ikerketa baten arabera, 1996an 500 bat erromintxel hiztun bizi ziren.

Kama-goli izeneko olerkia Pamiela aldizkariaren 7. zenbakian irakur daiteke: hemen. Eneko Oregik batuerazko bertsioa egin zuen, bi iturri erabiliz: "La langue des bohemiennes" izeneko liburua, eta Errioxako Bastidako ijito batekin izandako solasaldia.

Mikel Markezek poema musikatu eta Kantu erotikoak diskoan grabatu zuen.



2012/04/23

Errebindikazio ondo mugatuak

Mario Zubiagak euskalgintzaren estrategiaz esandakoa orain dela hilabete pare bat ekarri nuen blog honetara. Gerora, honako perlatxo hau irakurri dut, Slavoj Zizek-en artikulu batean:
Subertsiboa da eskakizun infinituetan EZ tematzea.
Agintariek ezin dituzte eskakizun infinitu horiek ase. Guk badakigu, eta haiek badakite guk dakigula. Hortaz, erraza dute irtenbidea. Ez die aparteko arazorik sortzen. Honela esango digute: "Zoragarria da zuen jarrera kritiko hori... Balio handia du. Nolako mundua nahi genukeen gogorarazteko balio digu. Tamalez, mundu errealean bizi gara. Nahi genukeena eta daitekeena ez datoz bat. Daitekeenarekin konformatzea beste erremediorik ez dugu"
Aitzitik, errebindikazioak ondo hautatzea komeni da. Eskakizun zehatzak, mugatuak eta finituak egin behar ditugu; eta agintariak horiekin bonbardatu. Ezin izango dituzte horren erraz baztertu. Ez dute horretarako aitzakiarik izango.
Testuingurutik aterata dago, baina zer pentsatua ematen du. Niri hala iruditzen zait behinik behin.

Slajov Zizek pertsonaje interesgarria da. Soziologo eta filosofoa. Probokatzaile eta polemikoa. Bere testu batzuk euskaraz irakur daitezke:

Goiko aipamena artikulu honetatik atera dut, eta nola edo hala euskaratu. Esan bezala, aipamen esanguratsua iruditu zait, nahiz eta testuingurutik kanpo atera.

2012/04/17

Urrats txikien estrategia

Euskaraz bizi nahi dut


Gustatu zait Musika airean bideoa. Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut lelopean antolatu duen film laburren leihaketa irabazi du.

Ahalegin, urrats eta keinu txikien garrantzia aldarrikatzen duela iruditzen zait. 


Musika airean (lehen saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


Nahi izatea ez da nahikoa.


HABEk gurasoentzat argitaratu zuen Etxean zer ikusi, hura ikasi liburuxkak aldaketa planifikatu beharra aldarrikatzen du, eta helburu txikiak hautatzea gomendatzen du:
  • Pentsatu zehatz-mehatz zer egin dezakezun hiru bat astez, euskaraz gehiagotan edota hobeto egiteko (bakarka, bikotekidearekin, lagunen batekin…).  
  • Kontuan izan helburua egiteko modukoa izan behar duela hasieran, egiteko erraza, lan handia ere eskatuko ez dizu(e)na.
  • Zehaztu bat, bi, hiru helburu… nahi dituzunak. Taula batean idatzi: (a) aldatu nahi duzun egoera, (b) lortu nahi duzun egoera, (c) zer eta nola egingo duzun.
  • Azkenik, hiru astez dena delakoa egiten ahalegindu eta gero, erabili agenda azaltzeko ea lortu duzun ezarritako helburua, zer gertatu zaizun, zein bizipen eta sentimendu eduki dituzun, hurrengoan zer egingo duzun...


Urrats txikiak eman.


Paul Watzlawick-ek ere urrats txikien estrategia defendatzen du. Bere ustez, akatsa da pentsatzea arazo konplexuei, halabeharrez, tamaina bereko estrategia konplexuekin erantzun behar zaiela. Urrats txiki batek arazo katramilatua desblokeatu dezake, baldin eta arazoari buruz dugun pertzepzioa aldatzea lortzen badu.

Watzlawick psikologoa da. Aldaketaren psikologia du hizpidea. Gaia interesatzen baldin bazaizue, Cambio. Formación y solución de los problemas humanos liburua irakurtzea gomendatzen dizuet: irakurterraza da, atsegina... baita sakona ere. Egileek terapia estrategikoaren perspektiba lantzen dute: liburu honen erreferentzia ugari jaso izan ditugu TELP ikastaroetan.

Watzlawick-ek helburu utopikoei ihes egitea gomendatzen du: "utopiaren sindromeaz" hitz egiten du. Porrotaren aurrean, hiru jarrera "desegoki" deskribatzen ditu: a) autokulpa: "nirea da errua, ez dut ahalegin nahikorik egin..."; b) inhibizioa: "ez dago baldintza nahikorik, alferrik da saiatzea, gauza asko aldatu behar dira lehenago..."; c) jarrera moralista: "ni bai, ni prest nago, besteak dira konpromisoak hartu behar dituztenak..."

2012/04/03

Habitus linguistikoa

Euskara ikasi dutenen hizkuntza-ohituren aldaketa aztertzea da aldahitz proiektuaren helburua.

Hizkuntza-ohitura terminoa motz gelditzen dela iruditzen zait. Hiznet ikastaroan, esate baterako,  hizkuntzazko jokaeren aldaketa hobesten dute. Hizkuntza-ohiturak "ohitura" baino zertxobait gehiago dira: jokabide sozialak dira, ohitura kontzeptupean mozorrotuak.

Jordi Solé i Camardons irakasleak, soziolinguistika hiztegian, lerro bakar batean azaltzen du terminoa: Hàbit lingüístic = Sinònim d'hàbitus lingüísticHabitus linguistikoa zer den azaltzeko, orrialde oso bat hartzen du.

Habitusa, Pierre Bordieu soziologoaren arabera, egitura kognitibo bat da, marko bat, gure portaera egituratzen duen eskema kognitiboa: modu jakin batean sentitzeko, pentsatzeko eta ekiteko jendeak dituen aurre-baldintzen edo joeren multzoa. Habitusa, beste ezeren gainetik, soziala da: hiztunen sozializazioaren ondorioa da, eta gizarte egitura barneratzearekin du zerikusia; baita hizkuntzari dagokionez ere.

Pierre Bordieu ¿Qué significa hablar? liburua argitaratu zuen 1985. urtean. Motxilan sartu dut... oporretarako.