2013/05/09

Zuhaitzen hizkuntza


Zuhaitzak besarkatu


Modan dago zuhaitzak besarkatzea. Lurraren energia biltzeko eta geureganatzeko modua omen da. Ez dut gogoan inoiz zuhaitz bat besarkatu izana, baina onartuko dut, noiz edo noiz, lagunekin mendira joan naizenean, tentazioa izan dudala. Lotsagatik-edo ez dut egin. Lotsagatik... edo zorotzat hartuko oten ninduten beldurragatik.


Akaziak eta kuduak


Hegoafrikan bada zuhaitz bat, Acacia Caffra izenekoa; akazia mota bat da. Pretoriako unibertsitateko irakasle batek aurkikuntza bitxia egin zuen orain dela urte batzuk. Izan ere, inguru hartako gazelak (kudĂș izena dute) hartatik elikatzen direnez gero, babes-mekanismo bat sortu dute akaziek. Kuduak hostoak jatera hurbiltzen direnean, landareak sustantzia toxikoa jariatzen du, eta hasieran jangarria zen hostoa toxiko bihurtzen da segundu gutxiren buruan.

Harrigarriena ez da hori. Harrigarriena da landare horiek elkarrekin komunikatzeko mekanismoa ere sortu dutela. Sustantzia bat igortzen dute (etanol molekulak), gainontzeko akaziei abisua emateko: kontuz, lagunak; kuduak etorri ditun... jan nahi gaitizten. Sustantzia hori inguruko akaziei heltzen zaienean, horiek ere toxiko bihurtzen dituzte beren hostoak.

Kuduek ere zeozer ikasi dute honezkero. Landare bakoitzetik mokau txiki bat hartu, eta hurrengo landarearen bila urruntzen dira. Haizea jotzen ez duen aldera mugitzen dira beti, horiek oraindik ere "mezurik" jasoko ez zutelakoan.


Zuhaitzak mintzo


Zuhaitzak mintzo dira, beraz. Aniztasunez mintzo dira, baita lurrarekiko atxikimenduaz ere. Zuhaitzak sustraiak dira: sustrai fisikoak eta sustrai sinbolikoak. Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituena. Akordatzen?


Hostoak dira zuhaitzaren beste muturra: sustraiak eta hostoak, zaharra eta berria, jarraidura eta berrikuntza...
Iturri zaharretik
edaten dut,
ur berria edaten, beti berri den ura
betiko iturri zaharretik. (Artze)

Zuhaitzak landatu


Ba omen da jendea, bizitza osoa zuhaitzak landatzen eman dituena. Ekintza txikiak dira. Ez da aparteko ahaleginik behar: hazia erortzen utzi, eta askoz gehiagorik ez. Pertseberantzia behar da, haziak loratuko ote diren jakiterik ez dagoelako. Baliteke emaitza apalak izatea, baita emaitzik ez ikustea ere... baina etorkizunaren aldeko apustua egitea da, eta mundua zaintzeko modu bat. Horrelako istorio polit bat argitaratu dute aisia.net blogean.

Herrigintza, niretzat, horixe da neurri handi batean: haziak erein, edo zuhaitzak landatu, edo... 

Horrek beste istorio bat ekarri dit gogora: Jean Giono idazlearen narrazio bat, zuhaitzak landatzen zituen gizonaren istorioa. Testua interneten dago hainbat hizkuntzatan: euskaraz hemen, gaztelaniaz hemen, eta katalanez hemen. Euskarazko bertsioa oso berezia da, Benito Lertxundik narrazioa grabatu eta argitaratu baitzuen 1993. urtean, Paul Winter Consort taldearekin batera.


Gehiago irakurtzeko








No comments: