2014/10/25

ADOREZ eta ATSEGINEZ


Ohean nago; Josemi Zumalabe fundazioaren lagunen liburua itxi dut; eta pentsakor geratu naiz. Gustatu zait. Zer pentsatua ematen dit. Hunkitu ere bai: lagun eta istorio zaharrak gogora ekarri dizkidalako.

Liburuak militantziaz eta horizontaltasunaz hitz egiten du, militantzia ulertzeko moduaz. Horretaz pentsatuz jarriz gero, bi poloren artean mugitu ohi garela azaltzen dute, polo horiek izendatzeko zailtasunak izanik ere. Sakrifizioaren eta bizipozaren paradigmak deitzeko tentazioa aitortzen dute:
  • Sakrifizioa: "egin behar da", "norbaitek egin behar du"...
  • Bizipoza: "nahi dudanean, nahi dudalako, nahi dudan eran"...
Bi poloak dira, baina errealitatea(k) ez d(ir)a horren sinplea(k).

Txepetxi aspaldian irakurritako testu bat etorri zait burura. Izan ere, Txepetxek bi birtute handi ditu. Batetik, kristoren gaitasuna du ideiak han-hemenka biltzeko eta teoria koherente baten baitan artikulatzeko (teoria autokontsistentea, esango luke berak). Bestetik, trebezia berezia du metaforak eta irudiak erabiltzeko.

Txepetxek bizipozaren kontzeptuari lotuta, militantzia "erotizanteaz" hitz egiten zuen: erotizantea, sormena eta gozamena zekarrelako. Hori ukatzen duen militantzia, bere ustez, huts-hutsean betebeharraren kontzeptuan oinarritzen da; eta, gozamena ukatzen duen neurrian, "kastrantea" da.

Konpromisoa eta gozamena, ordea, ez dira kontrajarriak. Txepetxen teorietan sakontzeko sortu zen mintegiak ADOREZ eta ATSEGINEZ izena hartu zuen.

Liburua gustatu zait. Kontrazalean poema txiki eta errepikakorra ageri da... eta hura ere buruan itsatsia geratu zait.
Ni pausoa
Gu bidea.
Bidean pausoa, pausoan bidea
(Poema aurkezpenaren bideoan ere bada oso-osorik: vimeo.com/93254479)





No comments: